19/09/2026
Actualizado a las 07:43h.
Batetik, «errespetatu behar diren arauak»; bestetik, sorkuntzatik datorren «magia», «sorgintzen eta liluratzen» duen zera hori. Nahasketa kurioso eta beti ezberdin hori da bertsoak emozionatzeko duen errezetaren osagaietako bat, baina aldi berean deszifraezina eta oso pertsonala, subjektiboa ia, egiten duena. «Ez dakizu zer gertatuko den, baina zerbait gertatzen da. Gainera hainbatetan emaitza harrigarri eta hunkigarriekin». Horrek dakar bertsozale bakoitzak gustukoago izatea bertsokera edo bertsolari jakin bat; berdina plaza edota moldearekin. Larunbat honetan, irailak 19, hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta haren bezperen magia hori nola bizi izan duten eta nola bizi duten galdetu diegu Felix Zubia (Zarautz, 1974) medikuari; Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiari; Eli Arrillaga (Zarautz, 1960) gaztagileari eta Iñaki Artola (Alegia, 1994) pilotariari.
Hizkuntzarekiko atxikimendua, kulturarekiko gertutasuna edota etxekoen eta ingurukoen transmisio-lana dira bertsolaritzara gerturatu zituen arrazoietako batzuk. «Magoak bertsolariak» direla dio Eskisabelek eta haien trukoak azaltzea beti ez dela erraza. Pilotarekin alderatzen du Artolak. «Maiz ez dakigu gehien gustatzen zaizkigun gauzak zergatik gustatzen zaizkigun. Behin probatu, gustatu eta gozagarriak dira, bizigarriak. Baina ez gara gai oso ondo esplikatzeko», dio barre artean. Alegiarraren kasuan lehen lotura familiatik dator. «Aitonak bertso-zaharrak kantatzen omen zituen behiak jezterakoan». Gerora, etxean gurasoek asteburuetan telebistako eta irratiko saioetan bertsoak jarrita izan ohi zituzten, baina benetako arra Mikel anaia zaharrarengandik jaso zuen. «Ni baino bertsozaleagoa dela esango nuke, asko ikasi dut».
Arrillagaren kasuan amona izan zen sua piztu ziona. «Ni Zarauzkoa naiz, 'kalekoa'. Correosen bulegotik gertu bizi ginen eta amonak, Maria Balerdik, ia egunero zaintzen zuen etxetik nola etortzen zen bulegora Ignacio Eizmendi Manterola 'Basarri'». Zaletasun asko baitzuen Arrillagaren amonak, besteak beste garai hartan Zarauzko Cinema Frontoian egiten ziren saioetara bertaratuz. «Mattin, Mitxelena... bere idoloak ziren eta miresmen hori kutsatu zidan».
Herrikide du Zubia. «Gure etxean beti izan da kanturako afizio handia, gure aita zena oso zalea zen kanturako. Nik bertsoak ikasi nituen, baina kantu moduan. Eta gero ikastolan liburuak jarraituta ikasi nuen bertsotan». Lotura hori Zarautzen helduen bertso-eskola sortu zenean sendotu zen. «Esan zidaten 'hiri ere gustatzen zaik eta etorri hadi'». 24 urte zituen eta egun arte. «Asmo berezirik gabe hasi nintzen, ondo pasatzea besterik ez». Gerora heldu ziren plazak –«ibilbide txikia egin dut, baina gustura», dio apal– eta oraindik ere jarraitzen du kantuan. Magia hori oraindik erakargarri duelako. «Bertsoan arau batzuk errespetatu behar dituzu, alderdi matematikoa, zenbat silaba dituen eta bukaeran errimak, oinak, eraman beharra. Baina era berean sorkuntzatik ere badu. Zentzu kolektiboa ahaztu gabe».
Bide oro, hala ere, ez da zuzena izan. Eskisabelek giro bertsozalea zuen etxean, amonak bertso zaharrak kantatzen baitzizkien eta gurasoak zaleak ziren. Oroitzapen horietan presentzia handia du Xabier Letek, Julen Lekuonak eta Antton Valverdek ondutako 'Bertso zaharrak' (1974) diskoak. Baina gaztaroan zerbait falta zitzaion. «Gurasoek jartzen zuten rollo horri arreta jartzen hasi eta beste zerbait aurkitu nuen, are gehiago belaunaldi berriarekin». Hala, Amurizak irekitako ate horretatik sartu ziren Jon Sarasua, Xabier Euzkitze edo Arantzazu Loidi, «ze garrantzitsua izan zen niretzat», azpimarratzen du. «Hurbileko jendea zen hitzarekin eta ahotsarekin magia egiten».
Ez da soilik lehia
Zubiak Zarauzko bertso-eskolan egin bezala, oraindik Artola kantuan aritzera animatzen da tarteka. Herriko zenbait gazterekin bertso-eskola egiten dutela dio alegiarrak eta bazkariren batean amaitzen duela kantuan, «gure mailan, oso exkax seguruenik entzuten ari zarenarentzat», baina oso gustura ere. «Asko gozatzeko aukera ematen dit». Ezagunagoak dira, publikoki egin dituelako, zorion edo eskertza bertsoak, horietan ere bere saltsan. «Ematen diodan erabilerarik handiena da. Eskertza hori bertsotan eginda beste indar bat hartzen duela uste dut». Askok zaila dela esan izan badiote ere, hain zuzen bertso-eskolak emandako oinarri horrekin dio esfortzua ere ez dela halakoa. «Gauza guztietan bezala, ona izatea edo destakatzea zaila da, baina maila honetan... Ikasi izanaren suerte hori dudala sentitzen dut».
Artolari zail egiten zaio azaltzea zerk lotu zuen eta azalpena emateko bere egiten ditu Maialen Lujanbioren hitzak: «Kantu neurtua eta errimatua –zentzurik zabalenean– ez gustatzea ia ezinezkoa, arraroa, dela esan zuen». Hala, zalantzarik duen irakurlearentzat, edo bertsoei aukerarik eman ez dienarentzat, pauso bat harago doa alegiarra. «Bertsoa, bere ulerkerarik zabalenean, ez gustatzea arraroa da. Beste kontu bat da bertsolaritza inprobisatuak hartu duen molde jakina gehiago edo gutxiago interesatzea. Baina bertsoa, idatzizkoa ere, tradizio guztian hartuta, artea gustatzen edo kultura bati buruzko jakin-min minimo duen orori gustatuko zaiola uste dut».
Zentzu kolektibo hori, indar metatzea, baita bertsolaritzak duen kontu harrigarrienetakoa. Helburu nagusia ez baita albokoa menderatzea, saioari talde bezala egiten zaio aurre. Bat eroriz gero, denen kalterako da. Eta berdin txapelketa aurreko entrenamenduetan. «Munduan egoteko modu» baten erakusle da Eskisabelentzat, «hizkuntza-komunitate bizia dela eta ardura kolektiboa» duela adierazten duena.
Aritu delako eta gertukoak oholtzan zein antolakuntzan dituelako, bertsoa oso bere du Artolak. Horretaz gain, bertsolariak gremio kide ere sentitzen ditu. «Aurrepreparaketa, kontzentrazioa mantentzeko saiakerak, prestatu eta helburua ez lortzeko zapore txarra... Eredu ditut, asko interesatzen zait nola prestatzen duten txapelketa, zein jarrerarekin hartzen duten...».
Txapelketari begira, Zubiak lehiatik haragoko eskaria luzatzen du. «Epaileei eskatuko nieke ondo egindakoa saritzeko. Askotan iruditzen zait gehiago zigortzen dela akatsa asmatzea saritu baino. Badakit zaila dela, baina ikuspuntua aldatzeko eskatuko nieke. Eta baita entzuleei ere. Asko saioa entzutera joaten dira eta halakok poto egin du, hankaluze egin du, hankamotz egin du... horrekin geratzen dira. Akatsak akats, ondo egindakoaz goza dezatela». Hala, bere esperientzia jartzen du adibidetzat. «Askotan tristura ematen dit txapelketako saio batean egon eta zaleak sailkapenari begira ikustea. Agian 5. edo 6. geratu denak bota du bertso onena».
Saioetara joateko asmoa dute laurek, agendak eta euren jardunak uzten badie. Bestelakoan, Bertsozale Elkarteak zein hedabideek egindako jarraipenarekin badute B plana. Ikusten dena «harrigarri» egiten zaie, esperota ere berezia delako beti, are egun oholtza gainean den aniztasunarekin, nahiz eta batzuetan bertsokera klasikoa ere faltan duten. Bereziki Arrillagak. Kantuan ari direnak «filosofo» ere bihurtu direla dio. «Gai guztietarako prest egon behar dute, egungo gizarteko gaiak sakonduta izan behar dituzte. Eta nire amonaren garaikoak baino konplexuagoak dira». Ildo horretan, «todoterreno» diren bertsolariak, «edozein giro eta gaira egokitzen» direnak badirela dio, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio, esaterako.
Bertsolaritza «teknikoagoa»
Jauzi horretaz gain, bertsolaritza «teknikoagoa bihurtu» gela gehitzen du eta, ondorioz, publikoaren zati batentzako jarraitzeko zailagoa. «Zenbaitetan hain filosofiko jartzen da nire inguruko batzuek ez dutela txapelketako bertsogintzarekin disfrutatzen, ez dute esanahia ulertzen. Lehengo bertsolaritza aisialdirako zen, barre egiteko, elkar zirikatzeko, nahiz eta tarteka gai politiko eta serioak ere izan». Hori bai, Arrillagak bereziki garai zailetan bertsolari askok erakutsitako ausardia aldarrikatu eta oroitzen du. «Garai politiko zailetan, adibidez Lorategi eta Azpillaga, oso ausartak izan ziren eta bertsoa aldarrikapenerako baliatu zuten».
Moldatzeko gaitasun eta konplexutasun horretan asko irabazi du bertsolaritzak «bai gaien aldetik bai horik kokatzeko ikuspuntuen aldetik». «Gizarte konplexu honi erantzuteko gai den proposamen artistikoa da», laburtzen du Eskisabelek. Gainera, «uztarketa» lan handia egiten du, bai gazteagoak tradiziora erakarriz zein urte gehiago dituzten bertsozaleak azken korronteetara hurbilduz. «Gurutzaketa sortzen da, talka batzuetan, baina elkar deskubritzea errazten du eta hori inertziak apurtzeko bideak sortzea da».
Noski, pronostiko eskaera ezin falta. Izenak baino, zer espero duten. Orokorrean «maila altua» izango dela iragartzen dute, plazetan hala ikusi baita, «bertsoaldi onak» ikusiko direla zaletuen pozerako. Azken aholku bat ere eman nahi die Zubiak. «Lanean jarraitzeko esango nieke, entzuteko gogoz gaudela. Geratu daitezela bertsoaldi on horrekin, txapelketak gazi-gozotik izaten duelako. Asko prestatu eta egunean maila eman ez gaia ez zaizulako parean tokatzen edo ariketa batean ez duzulako asmatzen».
Konjururako osagaiak hor dira. Abenduaren 20ko finalera bidean 50 bertsolari ariko dira. Dena prest dute. Nerea Ibarzabalek 2021eko Bizkaiko finalean kantatu bezala «izarren hautsez bete ditut bi poltsiko / behar bada ez duzu ezer sinetsiko / baina nik ez nituzke begiak itxiko». Hori ba.