13/10/2026
Actualizado a las 12:09h.
Azken hilabeteetan, eta datorren urtarrilera arte, Kooperatiba erakusketa dago ikusgai Tabakaleran, orainalditik memoriari eta iraganari buruzko irakurketak bateratzen dituena. Erakusketaren baitan aste honetan, urriaren 15etik 18ra, 'Bizitza dokumentatzea' mintegia antolatu da. Jardunaldiak erakusketan Taxio Ardanaz eta Carla Filipe artisten ikerketetan ageri diren bizi-kontakizunak izango ditu ardatz, hitzaldi, proiekzio, tailer zein bestelako ekitaldiekin. Ekitaldietarako sarrerak eskuragarri daude jada Tabakalerako webgunean.
Ostegunean, Joaquim Jordá zinemagilearen 'Numax presenta…' filma proiektatuko da, Ángel Calvo Ulloa erakusketako komisarioaren aukezpenarekin. Izen bereko enpresaren itxieraren aurrean langile talde baten borroka kontatzen du, nola modu autokudeatuan ekoizpena berreskuratzea lortu zuten eta erresistentzia-kutxarekin, hura erakusten duen dokumentala finantzatu zuten.
Hurrengo egunean, 'Artxiboa ikerketa-gune gisa' tailerra egingo da Susana Lourenço ikertzailearen eskutik. Parte hartzaileek artxiboak ikerketarako, memoriarako eta eraldaketarako tresna gisa eskaintzen dituen aukerak aztertuko dira, irakurketa eta sorkuntza-prozesu berriak sortzeko gai diren elementu gisa. Jarraian, Taxio Ardanazek eta Ángel Calvok bisita gidatua eskainiko dute erakusketara eta amaitzeko solasaldia egingo da.
Larunbatean, Francis Pisani kazetariak eta Ángel Calvok Torre Bela esperientziaren inguruan solasaldia egingo dute. Gainera, ekitaldiaren baitan Susan Meiselas Magnum Photoseko argazkilaria eta nazioarteko hainbat herrialdetan lan egin duena, argazkigintzak kontakizun kolektiboan eta memoriaren eraikuntzan duen papera aztertuko du.
Azken egunean, Tomas Harlanen 'Torre Bela' dokumentalaren proiekzioa egingo da. Krabelinen Iraultzaren ondoren Portugalen okupatutako lursail batean landa-langileek bultzatutako esperientzia kooperatibo iraultzaile baten goraldia eta gainbehera erakusten ditu filmak.