04/10/2026
Actualizado a las 17:23h.
Ibilian-ibilian, bueltan izan da Kilometroak Goierrin, bere 50. urteurrena ospatzeko, eta egunean zehar Lazkaon bizi izan den giroa ikusita, norakoarekin bete-betean asmatu dutela dirudi. Herriko San Benito ikastola arduratu da aurten Gipuzkoako ikolen aldeko festa antolatzeaz, eta jende ugari hurbildu da egunean zehar antolatutako ekintzez –30 baino gehiago– gozatzeko. Lau gune ezarri dituzte, eta guztietan izan da jendetza; Iturralde inguruan, bereziki, bertako eszenatokira igo diren taldeek –Skabidean, Muxutruk edota Nafarroa, 1512, besteak beste– gazte ugari elkartu baitituzte bertan.
Eguraldia lagun –bat baino gehiago beroaz ere kexatu bada ere, termometroa 25 gradutik gora igo baita eguerdi partean–, goizean goizetik nagusitu da giro ona. Erronkak, tonbola, jolasak, tailerrak, musika, artisautza eta janari-postuak... Ekitaldi ofizialek goizeko 10etan eman diote hasiera egunari, eta ordurako jende ugari zebilen plaza inguruan. Aurtengo edizioa berezia izan da, eta nabaritu da. 1977ko lehen edizio hartan parte hartu zutenei aintzatespena egiteko baliatu dute antolatzaileek nahiz erakundeetako ordezkariek hasierako ekitaldia, eta publiko artean zegoen Josu Erguin beasaindarrak –lehen Kilometroen bultzatzaileak– behin baino gehiagotan jaso ditu bertakoen txaloak, hunkituta eta irribarretsu.
Izan ere, Gipuzkoa osotik etorritako jendea bildu da Lazkaon, baina beasaindarren presentzia nabarmena izan da –bi herriak lotzen dituen bidean egun osoan zehar izan den jende-mugimendua horren adierazle–. Horietako bat Mari Carmen da. «1977ko lehen festa hartaz gogoratzen naiz. Ikastolek behar handia izaten zuten orduan, baina denok geunden laguntzeko prest. Ez genuen pentsatzen, dena dela, gero festa horrek horrenbesteko arrakasta izango zuenik, baina oso pozgarria da». Aspaldian utzi zion Kilometroak festara joateari, baina aurtengoan ez du hutsik egin. «Ez du orduko harekin zerikusirik, baina hau ere oso polita da. Etorri beharra genuen. Nire seme-alabak ikastolan ibilitakoak dira, eta euskara beti oso garrantzitsua izan da etxean», azpimarratu du, Lazkaoko San Benito ikastolako euskara-taldeak martxan jarritako 'denboraren tunel' horietako batean argazkiak ikusten ari zela.
Guztira, egurrezko bost tunel jarri dituzte, hamarkadaka banatuta, herriko zenbait puntutan, eta bakoitzaren barruan hamarkada horietako Kilometroak jaien inguruko informazioa jarri dute: argazkiak, prentsan agertutako albiste eta erreportajeak, ibilbideak... Ikastolatik gertu, seigarren tunel bat ere ezarri dute, hutsik, nahi zuenak etorkizunerako bere ekarpena egin zezan. Eguerdirako, izen eta mezuz beterik agertzen ziren pareta zuriak. «Ikastolek eta euskarazko hezkuntzak izango dute, bai, etorkizuna. Nola ez, ba. Lan egin beharko dugu horretarako, baina gaur Lazkaon bildu garen gazteak ikusita, ni baikorra naiz», zioen Bergaratik hurbildutako Naiak.
Ohikoa den moduan, musikak protagonismo handia izan du egun osoan zehar, gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza izan baita. Iturralde inguruko kontzertuez gain, plazan Goxuan saltsanekin dantzan egiteko aukera izan da eguerdian; Hirigoien plazan Esanezin, Eider Saez eta Goazen aritu dira, eta eguna behar den moduan ixteko, Gozategi eta Alaitz eta Maider plazan. Eta musikarekin batera, eskaintza gastronomikoak ere harrera bikaina izan du, bereziki taloek –a zer nolako ilarak plazako frontoian– eta herriko hainbat puntutan ezarritako izozki-postuek.
Festaren arrakasta nabarmentzerakoan, dena dela, ezin aipatzeke utzi boluntarioen lan bikaina; batean eta bestean ibili baitira behar ziren azalpenak emanez, txarteletan zigiluak ezarriz, bazkaria zerbitzatuz nahiz lurrean topatzen zuten zabor txikiena ere jasoz. Kilometroak eta Goierri ondo konpondu izan dira beti, eta gaurkoan ere hori agerian geratu da.